XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Zu ez zakizkidake erruki; ezin didazu lagundu zuk ez duzu ene oinazeaz gupidatzerik.

Oi, Richard, ene maiteen hori!

Eragin gaizto bat joan da ene bihotzaz nagusitzen, ene sineskizunak hoztu eta suntsituz, ene maitagunerik kutunenak hilez, eta ene burua guztiz eraldatuz.

Txunditurik egiten diot so ene barruari, izuturik, ai ene Jainkoa! benetan etsiturik.

Hau esanda, belauniko jarri eta negarrez urtuz hasi zen bere burua ene magalean pausaturik.

Ene maite gaixoa! Odoletan neukan bihotza penak urraturik, eta, hala ere, zer egin? zer esan niezaiokeen?

Gogoan neukana, besterik ezin nuen esan, hots, gaizki zegoela, histerikoa, bere buru maiteaz ardura gehiago hartu behar zuela.

Bere sentimendu aldaketa hori amets hutsa zela, ez egiazkoa; eta egun gutxi barru berreskuratuko zituela lehenagoko osasuna, aldarte ohia eta baretasuna.

- Eta batzutan aurrera egin zuen, bere belarrietan antzu suertatu arren, kontsolatzeko asmoz esanak nituen hitzak bukatu eta gero halako pentsamendu gaizto beldurgarriak etortzen zaizkit burura nahi eta nahi ez; etorri eta geratu eta berriz itzuli, aurka egiten badiet ere; eta ezin ditut errezatuz uxatu.

Borondate independiente baten indarrez nagusitzen zaizkit; eta hura laztura! hura ikara!

Jainkoa beraren aurka egiten dute birao; errege-aulkian eserita dagoen Ahalguztiduna larderiatzen dute, eta nik ez daukat haien kontra otoitz egiterik; badago zerbait nire baitan otoitz egitetik gibelarazten nauena.